Astrofisikari bat itsaspean

Also available in: English Español (Spanish)

Astrofisikari bat itsaspean

Elhuyar aldizkaria (335 zka, 2019ko iraila).

Manta erraldoia
Manta erraldoia (Mobula birrostris). Revillagigedo uhartedia.

Itziar Aretxaga Méndez, Mexikoko Astrofisika Optika eta Elektronikako Institutu Nazionaleko ikertzailea da. Galaxien eraketa eta eboluzioa, supernobak eta abar ikertzen ditu, 4.600 metrora dagoen Teleskopio Milimetriko Handiarekin. Zerutik gertu, eta zerura begira lan egiten du. Aisialdian berriz, itsaspean hondoratzea maite du.

Erabateko lasaitasuna eta bakea sentitzen ditu urpean, eta arazo guztiak ahazten zaizkio. “Pisurik gabe, isiltasunean, zure arnasketa besterik entzuten ez duzula, eta begien aurrean halako natura zoragarria ikusiz, erraza da edertasun horretan kontzentratzea eta parte sentitzea”, dio Aretxagak.

Mila galaxia inguru aurkitu ditu, eta ia beste hainbeste aldiz murgildu da itsaspean. Hamazazpi urte daramatza urpeko unibertso hori esploratzen. Ia hasieratik hasi zen ingurumena zaintzeko elkarte batean lanean, arrainak identifikatzen eta kontatzen. Horretarako erosi zuen, hain zuzen ere, argazki-kamera, eta, pixkanaka, itsaspeko argazkilaritzaren munduan sartzen joan zen. Hala ere, ez du bere burua argazkilaritzat, argazkiak ateratzen dituen urpekaritzat, baizik.

Veracruzeko koral-arrezifeak etxetik gertu ditu, eta hantxe ibiltzen da asteburu askotan, biologoei laguntzen. “Oso interesgarriak dira arrezife horiek, Mexikoko Golkoaren barruko korronte zirkular batean kokatuta daudelako. Korronte zirkular batean daudenez, espezie endemiko asko identifikatu ditugu, eta haien banaketa neurtu”.

Urrunago, oso gustukoa du Revillagigedo uhartedia. “Izurdeak eta manta erraldoiak hurbiltzen zaizkizu, uki ditzazun. Marrazoak ere hurbiltzen dira, zer zaren ikustera. Zoragarria da horren animalia handiekin komunikazioa izatea. Leku bitxi-bitxia da”.

Animalia berriak ikusten jarraitzea amesten du. Itsaspean oraindik ikusi ez dituen animalien zerrenda luzea duela aitortzen du, esaterako, baleak. “Ikusi ez dudan espezie bakoitzak zirrara sortzen dit, topatzen dudanean”.

Lehen saria. Itziar Aretxaga. Verasub 2017. Saila: kamera kompaktua, paisaia
Karei dortoka (Eretmochelys imbricata). Veracruz
Kaliforniako itsas lehoiak (Zalophus californianus) jolasean. Espiritu Santo uhartea.
Karibeko arrezife-txibiak (Sepioteuthis sepioidea) estalketan. Veracruz.
Carcharhinus albimarginatus marrazoa. Revillagigedo uhartedia.
Blenidoen bilera (Emblemaripsis sp.) burmuin-koralean (Diploria labyrinthiformis). Veracruz.

Leave a comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *